Europar Batasunean ekialderen kokatutako herrialdea da Zipre, Mediterraneo itsasoko hirugarren uharterik handiena eta azken hogeita hamalau urteetatik hona (1974.eko udatik, zehazki) historia mingarria bizi duena; izan ere, aipatu urtetik aurrera uharteko bi komunitateak, greko-zipretarra eta turko-zipretarra, erabat banatuta bizi dira.
Turko-zipretarrak (musulmanak) uhartearen iparraldean daude eta greko-zipretarrak (kristau ortodoxoak) hegoaldean, uhartea erdibitzen duen hesi batek, lerro berde deritzanak, banaturik.
Banaketa eragin zuena 1967 eta 1974 urteen artean Grezia gobernatzen zuen junta militarrak erabakitako okupazioa izan zen, greziar kulturadun norbanako guztiak estatu beraren menpe batzeko (enosis, grekoz) helburua zuena. Okupazio hau aitzakiatzat hartuta, Turkiak ere Zipre inbaditu zuen, turkiar kulturadun oro arriskuan zegoela eta, beraz, Turkiako armadaren babesa behar zuela argudiatuta.
Udan hasi eta amaitu zen gudaren ondorio nagusiak ondoko hauek dira: sei mila hildako inguru, hainbat dezena desagertu eta ordura arte elkarren ondoan bizi izandako bi komunitateen banatze erabatekoa, iparraldean bizi ziren greko-zipretarrek hegoaldera eta hegoaldean bizi ziren turko-zipretarrek iparraldera joan behar izan zutelarik, etxea, lana eta sorlekua abandonatuaz, uhartearen iparraldean Turkiak ezarritako Zipreko Iparraldeko Errepublika Turkiarra, Nazio Batuen Erakundeak inoiz aitzatetsi ez duena, sortu zela ahaztu gabe.
Gauzak horrela, baina, badago oraintsu gertatu den berri pozgarririk, geroari begira itxaropentsu egoteko zantzuak dakazkiguna: Dimitris Christofias greko-zipretarren presidenteak eta Mehmet Ali Talat turko-zipretarren liderrak aurtengo irailean egindako bilerez ari gara. Bilera horiek gatazka era baketsuan konpontzea dute xede eta bide onean ei doaz aspalditik elkar ezagutzen duten eta elkarlanean aritu izan diren bi gizon horien eskutik. Badirudi inoiz Europar Batasunera sartuko bada, Turkiak Europar Batasun horretako kide den herrialde bateko lurraldearen %37 okupatuta edukitzeari utzi beharko diola eta, hortaz, oso litekeena da etorkizun hurbil batean Europar Batasunean hesi batek erdibituta duen azken hiriburuak, Nikosiak, banatuta egoteari uztea eta herrialdean bizi diren bi komunitateen elkarbizitza baketsua ekarriko lukeen batasuna gauzatzea. Negoziazioetan ez da faltako desadostasunik (hala nola, zer errepresentazio eman behar zaion parlamentuan komunitate bakoitzari edo testu-liburuek Historiari zer ikuspegi emango dioten) baina, itxura guztien arabera, elkarrizketa bide onean doa. Fruituak eman arte eta ondoren ere segi dezala elkarrizketaren bide horrek, zipretarrek ez dute gutxiago merezi eta.
G.U