Oct 172008
 

Urriaren 14an Gabriel Aresti idazlea jaio zela 75 urte bete ziren eta, zifra biribilek ospakizunetarako egiten diguten gonbitea onartuz, «Aresti gaztea» izeneko saioa antolatu zuen Bilboko Udalak Bidebarrieta kaleko Udal Liburutegian; Arestiren zenbait poemaren irakurketa izan zen saioaren oinarria.
Edorta Jiménez idazleak aurkeztutako irakurketa horretan lau poeta gaztek (horietako bi bertsolariak: Uxue Alberdi eta Erika Lagoma) hautatutako poemak irakurri edo kantatu zituzten.
Hemendik ere, zifra biribilek ospakizunetarako egiten diguten gonbitea aprobetxatuz, Gabriel Arestiren inguruko zenbait gogoeta plazaratu nahi nituzke eta bere gaurkotasuna gogorarazi.
Lehenik eta behin, Arestiren euskaltzaletasuna nahi nuke hizpidera ekarri: Bilboko Barroeta Aldamar kalean jaiota, etxean ahaztuxea zuten euskara berreskuratzeko ahalegin bizian murgildu zen gazte-gaztetan eta baita berreskuratzea erdietsi ere; esaten dugunaren frogagarri, hor dugu bere obra, Susa argitaletxeak 1986 urtean argitaratutako hamar liburukitan jasota: poesia, narratiba (zenbait ipuin eta nobela bat), teatroa, itzulpenak, artikuluak, hitzaldiak eta gutunak biltzen dira bertan. Arestiren arreta erakartzen zuten gai, idazle eta korronteen (ideologiko nahiz literario) berri zehatza eduki dezakegu bertan adierazitakoei erreparatuta.
Bigarren, haren gizatasuna azpimarratu nahi nuke: ez zen Aresti euskaltzaletasuna goren jarrita (eta goi-goian zuen, inork izatekotan, euskal kulturarekin zerikusia zuen oro Arestik) premiarik larrienean zeudenak edo bidegabekeria jasaten zutenak ahaztuko zituen gizona. Euskaldun nahiz erdaldun, gizakia du beti Arestik gogoan eta gizakia eta honi dagozkion eskubideak eta ongizatea ditugu bere kezka guztien jomuga, «Zorrotzako portuan aldarrika poema gogoangarrian azaltzen denez («beti paratuko naiz gizonaren alde» dio poetak lanaren gogorrean biraoka dabiltzan Gilen -erdalduna- eta Anton -euskalduna- langileen egoeraz diharduenean. Izan ere, «bidegabekeriak ez du mintzairarik ezagutzen», Arestiren hitzetan). Era berean, gizatasunaren mugak ezartzen dizkio bere euskalduntasunari Arestik, lehenik gizona eta ondoren euskalduna dela defendatuz, «Ene euskalduntasunaren mugak» izeneko poema esanguratsuan.
Azkenik, ez, alabaina, azkena, aipatzekoa dugu Arestik euskaltzaletasuna eta gizatasuna (edo lokalismoa eta unibertsaltasuna, irakurleek hala nahiago badute) uztartzeko kulturari ematen dion garrantzia. Obra bera eta Arestik berak egindako zenbait adierazpen (unibertsitatearen beharraz, esate baterako) mintzatzen dira argi honetaz.
Gizon anitza, konplexua, konprometitua… borrokalari nekaezina zernahi gisaz, Arestik gazte segitzen du bere zenbait poema irakurri zituzten poeta gazte haiek gogora ekarri berri digutenez eta berak oso garai zailetan (1975.eko ekainean hil zen) egindako lana (euskara batuaren alde eta euskara gizarte esparru guztietara normaltasunez hedatzearen alde, besteak beste) oso probetxuzkoa izan zaigu «aitaren etxea», poetaren hitzez balia gaitezen, populatzera etorri garenoi. «Aitaren etxeak iraunen du zutik» esanez amaitzen da agian ezagunena den Gabriel Arestiren poema eta, bai, hala da: Aitaren etxeak zutik dirau, euskaldun guztioi bere aterpearen goxotasuna emanez. Eskerrik asko, Gabriel.

 Leave a Reply

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

(requerido)

(requerido)