Ikastetxean ospatu berri dugun Aste Kulturalaren karietara, albisteren bat bilduko luketen zenbait hitz idatz nitzakeela gogorarazi dit Mitxelek eta, proposamenari jarraiki, euskaraz ekoitzitako kulturan aspaldi enbaxadore bihurtu zaigun Bernardo Atxagaz letra batzuk batzea ez legokeela lekuz kanpo otu zait; horra, beraz, maiatzaren 10ean «Argia» astekarian argitaratu duten elkarrizketan oinarrituta eta zenbait haritatik tiraka albiste-gogoeta zenbait:
«Zazpi etxe Frantzian» liburua kaleratu berri du Bernardo Atxagak, Pamielaren eskutik euskaraz eta Alfaguararenetik gaztelaniaz. Aipatu bi hizkuntzetan ez ezik, liburuak egun berean galegoz eta katalanez ere ikusi zuen argia. Iberiar Penintsulan dugun hizkuntza aberastasunari eletatik harago egiten zaion omenaldi praktikoa, bakoitzari hizkuntza aukeratzeko orduan ateak ezin irekiago uzten dizkiona.
Liburu berrian kontatzen denaren kokapenari dagokionez, berriz, XX. mende hasierako Kongo Belgikarrera garamatza idazleak, Obaba izeneko lurralde imaginarioaren zikloa amaitutzat emanez. Ziklo zaharra bezain jori eta emankor suerta dakiola irekitzen ari dela ematen duen ziklo berri hau idazle asteasuarrari, ad maiorem linguae vasconum litterarum gloriam.
Bestalde, AEBetatik bueltatu berri zaigu Atxaga eta bere egonaldiak gogora ekarritako zenbait aburu ditu hizpide Asteasuko idazleak «Argia»k egiten dion elkarrizketan: AEBetako euskal komunitateak aire berria ekarri diola azken aldian euskaltasunaz zeukan iritzi nolabait itogarriari, Euskal Herrian globalizazioaren aroan ea zer hizkuntza jo ditzakegun berezkotzat… AEBetan zegoelarik, maiz(astero, oker ez banago) helarazten zizkigun Obama-Clinton lehenik eta Obama-McCain dueloaz ondoren berak zeuzkan inpresioak eta «The american way of life» delakoak zekarzkion hausnarketak, bere ohiko hizkuntza irakurterraz eta adierazkor bezain inbidiagarrian(bai, jaun-andereok, lerrook idazten dituenak nagusitan hola idatzi nahi luke). Hausnarketok egunero-egunero zenbait lerro batzeari ekiteko betebehar autodiziplinatua aurrera eramateko idazleak propio irekitako blog-ean daude irakurgai.
Barakaldon, 2009-V-14 G.U
May 142009