Oct 122010
 

Santiago Jaunaren Katedralean. Bilbon

Urriaren 11n. Begoñako Amaren Jaiegunean

Maite zaituedan Nuntzio jauna, gotzaintzan anai zaituedanok, abade eta diakono anaiok, sagaratutako bizitzan kide zareenok eta abadegaiok, Bizkaiko Ahaldundiaren ahaldun nagusia eta beste ahaldunok, Bilboko alkate jaun hori eta zinegotziok, Gernikako alkate jaun hori eta zinegotziok, laguntzen deuskuzuen agintari duinok eta anai-arreba guztiok. Ondo etorriak.

1. «Eskerrak emoten deutsadaz Kristo Jesus gure Jaunari, nire gain bere apostolu-zerbitzua izteko fidagarri aurkitu naualako eta zerbitzu hori betetzeko indarrak emon deustazalako» (1 Tim 1, 12). Berba honeekin, Paulo apostoluak Jainkoari esker ona azaldu eutson hartu eban apostoluministeritzagaitik. Gaur ere, apaltasunez, neureak egin gura ditut berba horreek. Eskerrak emon gura deutsadaz Jainkoari barriro ere, mugatua, makala eta pekataria izan arren, nigan uste ona jarri daualako eta ministeritza hau nire esku itzi daualako. Bere deiaren aurrean, betekizun honen eta nire mugen arteko urrintasuna nabaritzen dot. Baina, baita, Beraganako nire uste ona barriztatzen dot: «badakit-eta nortaz fidatu nazen» (2 Tim 1, 12), eta barriztatu egiten dot, zeuen aurrean eta Eleizearen aurrean, San Inazioren berbakin, Berarentzat osorik izatea: «Onartu, Jauna, nire askatasun guztia, nire oroimena, nire adimena eta nire borondate guztia. Zeuk emon deustazuz, Zeuri bihurtzen deutsudaz. Egizu Nigaz zeuk gura dozuna. Zeure maitasuna eta grazia bakarrik eskatzen deutsudaz». Nire bizitzaren historia esker onez ikusiz, benetan baieztatu daiket Jainkoaren bideak ez dirala gure bideak, bere asmoak itxaroten dan edozer gainditzen dabela (ikusi Is 55, 8-9), eta Berak garoazala eskutik, bideko eragozpenak eragozpen, gure bizitza beroa eta argia izan daiten.

2. Aita Santuari ere eskerrak emon gura deutsadaz niganako bere maitasun eta konfiantza testigantzagaitik, Bilboko Eleizbarruti honen pastoral zaintza nire esku itziz. Gogoko Nuntzio Jauna, Aita Santuari nire seme-maitasuna eta beragazko alkartasun osoa adierazo deiozuzala eskatzen deutsut. Maitasunaren, egiaren eta ontasunaren zerbitzuan bere ahalegin ausarta eta baldintza bakoa, eta guztiok fedean indartzea, eskertzen deutsadaz. Adierazo egiozu Bizkaian erromes dan Eleiza honen maitasuna. Sumatu dagiala bere burua gure maitasun, sakrifizio eta otoitzez lagundua.

3. San Paulok, harrituta azaltzen deusku Jainkoaren maitasuna zer dan: Jesus Jaunak, Jainkoaren Semeak, bere maila itzi eta morroi itxura hartu eban. Maitasunagaitik egiten da morroi. San Juanek ere txundituta dino: «Izan ere, Jainkoak mundua bere Seme bakarra emoteraino maite izan dau: beronengan sinistu dagian inortxo ere galdu ez daiten, betiko bizitza izan dagian baino» (Jn 3, 16). Eta Jesusek berak baieztatu deusku «ez deutsela inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua hareen alde

emoten dauanak baino» (Jn 15, 13). Eta maitasunez guri begiratuz, «Zuek nire adiskideak zaree» (Jn 15, 14) dinosku. Gaur, barriro ere eta betikotasunerarte, Kristo zerbitzari lez agertzen da gure aurrean. Maitasunez emoten deusku bere bizia. Hau, behin betiko, Kurutzearen misteriotik sortzen da, eta Eleizearen eta sakramentuen misterioan heltzen da gugana. Maitasun hau da gizadia eta gure izatea goitik behera barriztatzen dituana, ez bere lagunak eginik bakarrik, baita bere anaiarrebak ere, bizitza eta etorkizun haustezinezko batasunean.

4. Maitasunik eta itxaropenik ezaren kerizpeetatik esnatzeko eta jasoteko gaitasuna dauko Jainkoaren maitasun honek. Behar bada lehenengo kristau alkarteetan erabilten zan ereserki eder baten, jarten dau San Paulok egi hau: «Esnatu zaitez, lo zagozan hori, jagi hildakoen artetik eta Kristok argituko zaitu» (Ef 5, 14). Gizakiak, Adam zaharraren antzera, beharrezkoa dau betiko bizitza sortzen dauan, eta heriotzara daroan lotatik esnatzen dauan, azkenbako Maitasuna. Baita, aldi guztietako gizakiak beherakaldietatik jasoteko preminea dauko, bizitza osotasunean bizi izatekoa, beragan

Jainkoaren seme-alaba izatearen duintasuna loitzen daben hainbeste morroitzape dirala-eta makurtuta eta menperatuta ez egotekoa. Bihotzaren eta giza-bizitzaren inguru-minguruak argitzeko gai dan Kristoren argiaren preminan dago gizadia eta, gure artean maitasun-zibilizazinoa eregiaz, Jainkoaren Erreinua onartzeko preminan. Hori islatu gura izan dogu gure Ebanjelizatze Laugarren Egitasmoan. Hartu dagigun itxaropenez eta gogotsu. Kristo dogu argia. Gugan ere argi honek argi egin dagiala Jainkoak gizadiari deutson maitasunaren lekuko izateko.

5. Maitasunagaitik morroi izatea dagokio kristau guztien barruko izateari. Baita Eleizaren izateari ere. Jauna aurkeztea da bere eginkizuna, eta Beragaz gizadiaren zerbitzari bihurtzea. Hori da nire gotzain eginkizunarentzat aukeratu gura izan neban goiburua: omnium servus, danen zerbitzari. Hauxe dinosku Berak: «Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dabez herriak, eta handi-mandiek euren agintea ezarten deutsee. Zuen artean, ostera, ez da holan izan behar. Zuen artean, handien izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari» ( Mk 10, 42-43).

6. Zerbitzu honen oinarrizko alderdia da Jainkoagaz alkartzen laguntzea. Horrek ikusmuga barrira edegiten dau gure bizitza eta behin betiko norabidea emoten deutso honi. Gizakiak, hainbeste bider igarri barik, Jainkoaren egarri izanez, Honen irrika sakona dauko, eta Bere bila dihardu. Joseren oihua entzun dogu gaurko Ebanjelioan: «Zeure bila genbiltzan estu eta larri». Eta jauretxean aurkitu eben. Hau da, haragian azaldua aurkitzen dogu Jainkoa. Izan ere, hau dino San Juanek: «Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan» ( Jn 2, 21).

7. Bera, baita behartsuen haragian ere azaltzen da, era berezian, lehengo eta oraingo behartsuengan. Jesus berak gogoratzen deuskunez , «nire anaiarreba apal honeei egin deutsezuena neuri egin deustazue» (Ik. Mt 11, 26). Gaur, pobrezia asko dagoz eta krisiak areagotu egiten ditu. Krisi horrek gazteak, etorkinak eta era mingarrian han eta hemen baztertuta dagozanak bereziki joten ditu gogor. Gaur, behar bada nabarmentzen ez dan holako pobrezia bat aitatu gura neuke. Bakartadearen larritasuna da. Zenbat eta zenbat nagusi, eta batzuetan ez hain nagusi, bizi diran bakarrik. Bakardadeak ilundu egiten dau eta, era batera, apurtu egiten dau gizakia, izan ere bere oinarrizko bokazinoa maitasuna eta alkartasuna dalako. Kristo Jesusek gure preminea dauko gure anai-arreben bakarraldietan, ilunaldietan, gaixoetan eta beharrizanetan. Belengo ostatuan ez egoala lekurik Jesus bere sabelean eroian Mariarentzat, dinosku Bibliak. Jainkoaren Semea askan jaio zan, Belengo biztanleek hor konpon egiten ebela, baina Mariak eta Josek maitasun osoz hartu eta euren bihotzen estalkiagaz batzen ebela. Izan gaitezan geu ere gure anai-arrebentzat bizitza, gogoa eta itxaropena bihurtzen dituan eta hilen artetik bizten gaituan, maitasun harrera hori.

8. Besteentzat dohain izateko eta norbera besteei etenbako emotearen nekea gainditzeko indarra Eukaristian aurkitzen dogu. Jesu Kristo beraren emotea da hau. Gutariko bakoitzarentzako dauan azkenbako maitasuna erakusten deusku holan. Dohain horrek eukaristiaren gurtzan jarraitzen dau. Desbideratzean eta larritasunean amaitzen diran estutasunez eta estresez bizi da gaurko gizakia. Beharrezkoa dau kontenplatzeko bere gaitasuna berreskuratzea, bere bizitzaren esparru zabala hausnarketari, patxadaz begiratzeari eta Eukaristian morroi apal egiten jakun Jainkoaren gurtzeari, eskeintzea. Gaurko gizakiagan itzi ezinezko kontenplazinoa eta espiritua indartu daitezan esparruak, erak eta pedagogia egokia eskeintzeko gai izan behar dogu.

9. Ezinbestekoa da Eukaristia, batik bat maitasunaren sakramentua izanez, Espiritu Santuaren dohainagaz batera, Eleizea alkartasunaren benetako misterioa izatea ahalbideratzeko. Eskatu deiogun Jaunari indartu dagiala alkartasuna gure Eleizan. Espirituaren dohaina dogun batasunean bizitzeko gai izan gaitezala, karismen aberastasunaz eta ezbardintasunaz, alkartasuna edegiten daben ministeritzakin eta sentiberatasunekin. Baita, maitasun sakramentu honek gizakien arteko hartuemon barria ahalbideratzen dau. Aldentzen gaituan edozein hesi botateko gai dan anaitasun barrian oinarritzen da hartuemon barri hori. «Kristo da gure bakea. Berak suntsitu dau bere haragiagaz, aldentzen ginduzan hesia, gorrotoa» (ik. Ef 2, 14-15). Eskatu deiogun Jaunari egin gaizala gai aldentzearen, gorrotoaren edo gogorkeriaren edozein hesi botateko, Beragaz batera bakearen eregileak, maitasun-zibilizazinoaren egileak, izan gaitezan.

10. Gaur Jaunari eskerrak emon gura neuskioz baita nire bidean jarri dituan hainbeste pertsonakaitik ere. Juan Bateatzailearen antzera, nire bizitzan zehar Jainkoaren Bildotsa non aurkitu erakutsi deuste. Nire familiatik hasi behar: bertan hartu dot bizitzaren, maitasunaren eta fedearen dohaina. Nekeetan lagundu deusten eta indartu naben hainbeste lagun, abade, sagaratu eta laiko. Hemen zagoze gaur asko, urrundik etorrita ere bai. Eskerrak zuengan beti bihotz zabala, laguntzeko eskua eta bideko nekeentzat atsedena aurkitu dodalako beti zuengan. Baita, Gotzain alkartean hartu ninduen gotzain anaien hurtasuna eta anai-laguntza ere eskertzen ditut. Itzi egidazue Don Ricardori aipamen berezia egiten. Bera maitasunez eta esker onez gogoratzen dauan lekuko Eleiza honen buru izan zan, oso osorik berari eskeinia. Beragandik hartu neban gotzaingintza. Eskerrak zintzotasun eta maitasun zure testigantzagaitik. Bizkaira bihurtzen zareanean, zeure etxera bihurtzen zara.

11. Bizkaian erromes dan Eleizearen uztaren langile lez bialtzen gaitu, barriro ere, Jaunak, ospakizun honetan. Hainbeste bider behar dan veste ezagutzen ez diran dohainez beteriko Eleizea, hainbeste anai-arrebaz beterikoa, abade eta diakono, eskeinitako bizitzaren kide, misiolari, laiko, alkartasunez eta erantzunkidetasunez Ebanjelizatze eginkizunean gogotsu eta norbera eskeiniz bideratutakoak. Gaur barriztau egiten dot zeuen zerbitzuan jarteko nire borondatea. Sumatu dagigun geure burua Jaunaren mahaztian batera lan egitera bialduak lez. Eleiz-legediaren esakunea,

«Jabetza norberaganatzea», honan ulertzea gura neuke: Bilboko lekuko Eleiza hau dala nire jabetza hartzen dauana, bete betean zerbidu dagidan. Beragan bihurtu gura dot egi danen zerbizari izateko guraria. Lagundu egidazue Ebanjelioak aitatzen dauan zerbitzari on eta zintzoa izaten, Eleizbarruti honek bere Gotzainagan aurkitzea gura dauan moduan.

12. Amabirjinaren bitarteko ahalmentsuagana joaz amaitzen dot. Gaur ospatzen dogu bere jaia Bizkaian. Beragandik hartu eban haragia Jainkoaren Semeak eta holan egin eban bat gure giza izateagaz. Maria, era bikainean da maitasunagaitik mirabe eta zerbitzari, eta holan bihurtu da ez Ama bakarrik, baita Eleizearen Irakasle eta Ikono ere. Bera, ama, gure ondoan egotea behar dogu. Izan ere, Ama barik, ez geunke izango geure etxeak benetako etxe, maitasun eta alkartasun toki, izatea bideratzen daben berotasuna eta harrera. Beraren ardurapean jarten naz eta jarten dot Eleizbarruti guztia. «Mariak, barriz, jazoera guztiok gogoan hartzen zituan, bere barruan hausnartuz» (Lk 2, 19). Gaur, Ama, eskatzen deutsugu, gu ere, Bizkaiko zure seme alabok, zaindu gagizuzala zure bihotzaren barru barruan. Loiolako San Inaziok eta San Balentin Berrio Otxoak, Eleizbarrutiko zaindariek, lagundu deiguela.

Bakea izan bedi zuekin. AMEN.

+ Mario Izeta Gabikagojeaskoa

Bilboko Gotzaina

 Leave a Reply

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

(requerido)

(requerido)