«Krisiaren aurreko Ekintza Plana»-ren baitan eta Cáritas Bizkaia eta Antonio Menchaca de la Bodega Fundazioak sustaturik
Bilboko Elizbarrutiko Caritas. Bilbo, 2010eko urriak 14.- Prestaketa lanak uste baino luzeago joan badira ere, datorren astelehenean, urriak 18, zabalduko ditu ateak proiektua garatuko den zentro fisikoak, orain arte jatekoa etxera eramatea izan baita funtzionatzeko modua.
‘Jantoki Merke’ hau Barakaldon dago kokatuta, Bizkaiko bigarren hiria biztanle kopuruari dagokionez, eta horren helburua da euren kabuz ezin dutenen elikadura-beharrak asetzea; horretarako, kalitatezko menu osoa emango zaie baldintza duinetan. Aldi berean, jendea elkartzeko gunea sortu nahi du, gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta babesik gabe dauden pertsonen hobekuntza indibidualerako prozesuetan laguntzeko tokia izan dadin.
Proiektu berri honekin egunean 100 pertsona baino gehiagori eman nahi zaio arreta, batez ere krisiaren eraginez oinarrizko beharrak asetzeko zailtasuna dutenei, eta hasieran behintzat, jantokian bertan emango zaie zerbitzua. Egunero egongo da zerbitzua (astelehenetik ostiralera), eguerdietan, eta hasieran bi txanda antolatuko dira zerbitzu osoa zentroan bertan eman ahal izateko. Gerora begira, aurreikusita dago familia batzuek menuak etxera eraman ahal izatea, horretarako ontzi egokietan; izan ere, hilabete hauetan zerbitzuak beste leku batetik funtzionatu izan du, oraingo lokala egokitzeko lanak luzatu egin direlako.
Jantokira ezin izango da zuzenean sartu; horretarako txartel bat erakutsi beharko da eta txartel hori Barakaldoko Cáritasen harrera taldetik (Lutxana, Gurutzeta eta Barakaldo erdialdea) edo udaletako gizarte-zerbitzuetatik bideratutako pertsonei emango zaie. Bestalde, Caritasen I. Bikariotzan dauden (Ezkerraldea eta Meatzaldea) gainerako harrerak ere bideratze-sistema honetara erantsi dira, baita Goiztiri Elkartekoak ere. Gainera, zerbitzu honetara datozen pertsonei prezio soziala kobratuko zaie, -printzipioz- euro bat menu bakoitzeko.
Jantokian soldatapeko langileak nahiz boluntarioak ari dira eta Barakaldoko San Bizente Parrokiaren lokal batean dago kokatuta; sarbide zuzena dauka kanpoko aldetik. Zentro honek legezko baldintza guztiak betetzen ditu, bai irisgarritasunaren arlokoak, bai higiene eta osasun arlokoak, eta eguneroko jatordua emateaz gain, erabiltzaileak elkartzeko eta hurbiltzeko gunea ere izan nahi du.
Eguneroko menuen hornidura Cáritas eta Peñascal Fundazioaren arteko proiektu baten ardurapean egongo da. Bi erakunde horiek bide luzea egin dute elkarlanean eta lankidetzan, hainbat arlo eta proiektutan. Fundazio hori ostalaritzan espezializatu da, beste sektore batzuen artean, bazterketa sozialean edo horren arriskuan dauden pertsonei prestakuntza emateko eta lanean txertatzeko. Bizkaiko Elikagai Bankuak ere laguntza handia emango du proiektu honetan.
Erabiltzaile izan daitezkeenen profila
Proiektu berri hau Caritasek krisiaren aurrean duen Planaren barruan kokatzen da; beraz, –printzipioz- pentsatuta dago diru-sarreren murrizketagatik oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonei eta/edo familiei laguntzeko; edo, arrazoi ezberdinengatik, nahikoa ez den laguntzaren bat dutenak.
Ondoko hauek ere izan daitezke erabiltzaile: oinarrizko errenta edo bestelako prestazioak jaso zain dauden pertsona eta/edo familiak; baita administrazioaren prestazio edo laguntzetara iritsi ezin daitezkeenak ere; edo, Oinarrizko Errentatik beherako diru-sarrerak dituztenak.
Bilboko Elizbarrutiko Caritas
Caritas, Elizbarrutiak gizarte-karitate jarduera bideratzeko duen erakundea da. Bizkaian bazterketa jasaten duten edo jasateko zorian dauden pertsonei lagundu nahi die eta horretarako hainbat programa du gizartean esku-hartzeko: harrera, arropak, familia-gizarteratzea, haurrak, nagusiak, laneratzea (enplegua), aterpe bakoak, drogazaletasunak, zerbitzu juridiko eta psikologikoa, etab.; horrezaz gain, nazioarteko lankidetzarako egitaraua eta elkarte animazioa, sentsibilizatze eta gizarte salaketa, boluntarioak eta ikerketa arloak ere sustatzen ditu.
Hala ere, Caritasen helburu nagusia, bat bera da duela 50 hamar urte sortu zenetik: zuzentasunaren alde jardun; gure gizartea eraldatu eta zuzenago, berdinago eta senidekorrago bihurtu, pertsona guzti-guztiek lekua izan dezaten.
Krisialdia hasi zenetik, Cáritas Bizkaiaren harrera-lekuetan lehen baino bi aldiz pertsona gehiagori ematen zaie arreta.
Antonio Menchaca de la Bodega fundazioa
Antonio Menchaca de la Bodega Fundazioa 1974an sortu zen, helburu honekin: aurre egitea, ahal zuen neurrian, gaixotasunak, minusbaliotasunak edo aurkako baldintza sozial eta ekonomikoek eragindako edozein beharri.
Aipatutako testuinguruan, Fundazioak erabakitasunez ekiten dio helburu honi, laguntza emanez edo parte hartuz, helburu bezala ongintza, prestakuntza, heziketa edo ikerkuntza dituzten elkarteekin.
Fundazioaren eginkizun nagusienetakoa da gizarte-ekintzaren arloan lan egiten duten elkarteei laguntzea, lehentasuna emanez baztertutakoekin lan egiten dutenei eta beren gizarte-zereginetarako beste diru-iturririk ez daukatenei.
Fundazioaren oinarrizko jarduera eremua Bizkaiko Lurralde Historikoa da, baina muga geografiko hauetatik kanpora ere jardun dezake, Patronatuak horrela erabakitzen duenetan.
2001 urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen Utopia saria jaso zuen Fundazioak, behartsuenen alde egiten duen etengabeko jarduera dela eta.
Berri gehiago
Carmelo Corada García
Tfnoa.: 94 402 00 73 / 99Â – Mugikorra: 665 72 38 96 -Â Faxa: 94 402 00 98
ccorada@caritasbi.org