Caritas Euskadik hausnarketa bat egin du, Ebanjelioan eta Elizaren irakasbide sozialean oinarritua, kristau-elkarteei eta gizarteari oro har eskaintzeko, egungo gizarte-egoera patxadaz aztertzen lagun diezagun.
‘Ongizate-estatua’ lorpen handia izan da historian: bakea ekarri zuen Europara, eta oinarrizko auzietan gutxieneko bizi-baldintzak bermatzen ditu gizaki guztiontzat. Hemen, gure inguruan, ‘gizarte-zerbitzuen sistemaren’ garapenak, azken urteotan, prestazio eta zerbitzuak emateko Administrazioaren erantzukizun-maila eta lege-esparrua ezarri du. Beraz, herritar guztientzat oinarrizkotzat jotzen diren zenbait zerbitzu eman behar ditu Administrazioak, edo gutxieneko batzuk bermatu, batez ere zailtasun handieneko egoeran daudenentzat.
Justizia sozial handiagoa lortzea da xedea, eta alde horretatik, sistema hori lorpen handia izan da gure ustez: gizaldeko erronka bati erantzuten dio, eta gizaki guztien aldeko eskubideen iturri izan da, bereziki egoera ahulenean daudenen aldeko eskubideena.
Euskadiko gizarte-babeserako sistema erreferentzia garrantzitsua izan da gure bizi-kalitatea hobetzeko, eta aitzindari ere izan da, gainera, Estatuan. Gizarte-zerbitzuei buruzko legeak lortu ditugu, eta haiei esker, aurrera egin dugu zenbait arlotan: hala erantzukizun publikoko prestazio eta zerbitzuen garapenean, nola antolamendu eta egituraketan. Alde horretatik, gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea izan da azken mugarria, egun indarrean dagoena, aurrerapauso handia eman baitu gizarte-zerbitzuetan eskubide subjektiboa sartuta; izan ere, horrekin, eskubide hori biztanle guztiei heltzen zaiela bermatzearen erantzule bihurtzen du Administrazioa.
Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea oso garrantzitsua da, baliabide soziala eta prestazio ekonomikorako baliabidea den aldetik, bai pertsonaren bazterketarako, gizarte-bazterketarako nahiz lanerako bazterketarako arriskua prebenitzeko, bai baliabide pertsonalik, sozialik edo ekonomikorik ez dutenen inklusioa errazteko. Lege horrek, unibertsaltasunaren eta eskubide bikoitzaren printzipioetan oinarrituta egonik, legean ezarritako eskakizun guztiak biltzen dituen pertsona orori aitortzen dio, batetik, baliabide ekonomikoak eskuratzeko eskubidea, horrela bizitzako oinarrizko premiei aurre egin ahal izan diezaion, eta bestetik, gizarteratzeko nahiz laneratzeko laguntzak jasotzeko eskubidea.
Krisiarekin, badirudi arrazoi ekonomikoak premien gainetik daudela, nahiz eta gizartearen zati batentzat, egungo egoeraren ondorioak sufritzen ari diren horientzat, premiak gero eta handiagoak izan. Krisi honen sorreraren erantzule ez diren pertsonak eta familiak dira, hain zuzen ere, krisiak gehien zigortutako biktimak. Duela gutxi, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jaso ahal izateko eskakizunetarako erreforma-proposamena egin da, eta halako ekintzak kezkagarriak iruditzen zaizkigu erabat, gure gizarte-babeserako sisteman galera eta atzera egitea dakarkigulako, gure ustez. Ongizatearen estatuaren aldeko apustua egin eta hura garatzen lagundu beharrean, orain arte eraikitako guztia arriskuan jarri da.
Hau aukera ona izan daiteke gizarte-sistema birdefinitzeko, baina erabakigarria da nola egiten dugun hori: Caritas Euskadiren ustez, kontuan hartu behar dira premiak dituzten pertsonak eta gizarte-bazterketarako arriskuan daudenak. Gure erantzukizuna da «justizia eta guztion ongia bultzatzea, premiak hautematen lagunduz eta haiei justizia sozialaren bidez erantzunez»; halaber, gure erantzukizuna da gizarte-zerbitzuen sistema bat definitzea, bermeak ematen dituena eta gizarteratzekoa, inor egoera ahulean uziko ez duena, inor baztertuko eta are gutxiago estigmatizatuko ez duena, horrek berekin ekarriko bailuke pertsona asko gure babes-sistematik kanpo geratzea.
Azkenaldian, askotan aipatzen da hainbatek iruzur egiten duela laguntzak jasotzeko. Zalantzarik gabe, kontrolatu egin behar da eta zorrotz jokatu, baliabideak egoki bana daitezen, baina datuak ikusita, baliteke arazoa beste toki batean egotea. Hasteko, ona litzateke administrazio guztien ekintzak bateratzea, gaur egun ez baitira nahikoa operatiboak, eta gainera, batzuetan murriztaileak ere badira. Hori dela eta, Administrazioaren funtzionamendua hobetzeko eskatu beharra daukagu.
Ezinbestekoa da ekitea. Inoiz baino beharrezkoagoa dugu. Gero eta pertsona gehiagok sufrituko ditu krisiaren ondorio kaltegarriak, eta ez bakarrik gizartean egoera ahulenean daudenek eta baliabide gutxien dutenek. Horrenbestez, gure iritziz, ezinbestekoa da pertsona guztientzat gizarte-babeserako sistema indartzea.
Krisiaren ondorioei sistemaren murrizketek sor ditzaketenak gehituz gero, gizartea gutxiago kohesionatuta egotea eragingo dugu, bai eta gizarte-haustura ere; gero eta indibidualistagoak izango gara, jendeak gero eta bakardade handiagoa sentituko du, eta ez da hain solidarioa izango. Eta horren ondorioz, gero eta handiagoa izango da jendea egoera ahulean edo bazterketa-egoeran egoteko arriskua.
Egoera hori izanik, Caritas Euskadin, Paulo VI.ak esan bezala, «pertsona guztien eta pertsona osoaren» alde egiten dugu apustu; batez ere ahaztuen dauden horien alde, administrazio-eskakizun jakin batzuk betetzen ez dituztelako «ez izateko» arriskuan dauden horien alde. Guk bultzatu nahi dugun gizarte-ereduan, gehien behar dutenei harrera egin eta lagundu egiten zaie, sustatu egiten dira; izan ere, «jarrera horiek zentzua ematen diote kristau-karitateari, eta karitate hori, jakina, operatibo izaten saiatzen da». Hartara, lortu nahi da eraiki nahi den gizarte horrek eskubideak defendatzea, ongizatearen estatua hobetzeko lan egitea eta gizaki orori etorkizuna bermatzea, baita etorkizuneko belaunaldiei ere.
Administrazioak –ongizatea, eskubideak eta ondasunen birbanaketa bermatzearen erantzule den aldetik– ahulenaz eta babesgabeenaz arduratu behar du. Era berean, gure gizarteko kide bakoitzak ere badu erantzukizun bat: «gutxirekin bizitzea, beste batzuek gutxienez bizitzeko aukera izan dezaten».