Dic 282011
 

 

Gabonetako kanpaina honen bidez, Cáritas Bizkaiak hiru helburu lortu nahi ditu. Lehenik eta behin, gizarteari jakinaraztea Cáritasek 2008an aurkeztu zuen krisiaren aurkako jarduera planaren emaitzak; bigarrenik, “zure apurra guretzat urrea” izeneko kanpainari amaiera ematea, gizarteari dei argia eginez, Cáritasekin elkarlanean jarraitu dezan; eta azkenik, hurrengo bi urteetarako kanpaina berria aurkeztea.

Orain dela hiru urte, Cáritas Bizkaiak ‘Krisiaren aurka jarduteko plana’ aurkeztu zion gizarteari; horren bitartez, krisiaren ondorioz Cáritasera jo beharra zuten familia askoren egoerari konponbidea bilatu nahi zitzaion, kasu askotan lehenengo aldiz etorri baitziren.

Plan horren baitan aurreikusitako ekintza asko garatu dira; esaterako, diru-laguntzak, hori izan baita Cáritasek krisiari aurre egiteko izan duen borroka nagusietako bat. Zentzu horretan, Cáritas Bizkaiak bikoiztu egin ditu krisi aurreko azken urteko diru-laguntzak (1.020.761 euro 2007an), bai 2009an (1,99 milioi euro), bai 2010ean (1,86 milioi euro), batez ere jasotako ekarpen pribatuak gehitu direlako, eta hala eta guztiz ere, ez dira nahikoa izan eskariaren gehikuntza honi erantzuteko.

Premia biziko laguntza multzoari dagokionez, oraingoz lau etxebizitza eskuratu dira, zazpi familiari bizilekua emateko. Bestalde, oinarrizko produktuak merkatzeko ekintzak abiarazi dira, hala nola janari-txartelak eta oinarrizko higiene produktuak, Eroskirekin 222.875 eurotan hitzartuta; edota, Ekorropa-Berohin arropa eta oinetakoak erosteko txartelen aurrekontua handitzea, Harreretan eta Etxerik Gabekoetan; eta azkenik, Barakaldoko Jantoki Merkea martxan jartzea. Jantoki hori abian jarri zenetik, 137 familiari eman zaie jaten, kasu honetan, Antonio Menchaca de la Bodega Fundazioaren laguntzari esker.

Krisiari aurre egiteko Cáritas Bizkaiaren plan honen beste jarduera arlo bat lanpostuak sortzea izan da. 2009an, aldi baterako 12 lanpostu sortu ziren gizarteratzeko zenbait kooperatiba eta enpresetan; 2010 eta 2011n, berriz, aldi baterako 41 lanpostu berri sortu dira Carmen Gandarias fundazioak babesten duen GizaLan Programaren  bitartez. Era berean, Zaintzalan laneratzeko enpresa sortu da; enpresa horretan prestakuntza eman zaie 12 pertsonari, eta horietako 4 kooperatibista moduan hasi dira lanean. Horrez gain, laneratzeko beste enpresa berri batzuk abian jartzen ari dira eta hurrengo hilabeteetan aurkeztuko dira.

Bestalde, helburu sozialetarako enplegua sortu da, ‘Barriztu’ programaren bitartez etxebizitzak berritzeko lanak gehituta; orain arte 32 etxebizitza eraberritu dira, batez ere diru-baliabide urriak dituzten adineko pertsonenak eta irisgarritasun arazoak edo sarbide arriskutsua zuten etxeak.

Gainera, mikrokredituak finantzatu dira Fiare banku etikoaren bidez eta Cáritaseko erabiltzaileen hipoteka batzuk berriz negoziatu dira zenbait banketxerekin.

Azkenik, krisiaren jarraipena egiteko taldea eta horretarako ‘behatokia’ sortu ditu Cáritas-ek; bi horiek etengabeko harremana dute Cáritas Bizkaiaren hogei bat zentro eta harrera gunerekin.

 

 Leave a Reply

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

(requerido)

(requerido)