Familia agurgarria,
Dakizuen bezala, joan den astelehenean, martxoaren 26an, Bilboko Euskalduna Jauregian “akordioa jomuga” izeneko sinposioa antolatu genuen, Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruan analisi eta gogoeta jardunaldi bat eta ikaslea erdigunean jarri eta egonkortasuna ekarriko duen akordio bat erdiesteko beste pausu bat izan zen.
Jardunaldia zuzenean 500 lagunek jarraitu zuten eta streaming bitartez ere ikastetxe naiz etxeetan jarraitu ahal izan zen. Jarraian, bertan jorratu ziren ideia nagusiak laburbiltzen dizkizuegu eta eztabaida bideratu zuen oinarrizko txostenaren laburpen bat egiten dizuegu (www.kristaueskola.org web orrian aurki dezakezue osorik).
Kristau Eskolak hezkuntza akordio zabala bultzatu nahi du sistemaren ardatz diren ikasleen beharretan oinarritukoa. Behar berdinak baliabide berdinak merezi dituztela uste dugu. Euskal Hezkuntza Sistemari egonkortasuna emango dion akordioa bultzatu nahi dugu, geroa eta bideragarritasuna bermatuz. 141 ikastetxe barne hartzen dituen hezkuntza eragile gisa, Kristau Eskola erakundeak gogoeta eta eztabaida irekitzea erabaki du benetako akordia gauzatzeko. Izan ere, sistemaren erdia araudi egonkor batek ematen duen aterkirik gabe dago, azken akordioa 1992koa izan zelarik eta bost urteko iraupena izan zuelarik.
Hezkuntza sistemarentzat ezinbestekoa da koiuntura politikoetatik harantzago dauden helbide eta helmuga adostuak zehaztea marko egonkor bat lortuz, ez baita ona koiuntura politikoen menpe gauzatutako etengabeko araudi aldaketan baitan izatea.
Aukera berdintasunean eta eskubide berdintasunean burutzen den pertsona bakoitzaren garapenak izan behar du sistemaren xedea eta horretara zuzendu behar da, edozein dela ikasleari zerbitzu ematen dion hezkuntza sarea. Ikasle eta familia guztiek eskubide berdinak dituztela azpimarratu nahi dugu.
Hezkuntza sistemari zor zaio oinarrizko finantzaketa helburuei eta benetako beharrei uztartzea. Eta ezinbestekoa da, hezkuntza zerbitzu publikoa izanik, bertara bideratutako dirua justizian, berdintasunean, eraginkortasunean eta gardentasunean oinarrituta kudeatzea. Publikoa zerbitzua da. Legeak ez du esaten Administrazioak ikastetxeak kudeatu behar dituenik guztion eskubideak bermatu behar dituela baizik, baita itunpeko ikastetxeetara joaten direnenak ere.
Akordioaren baitan, arreta berezia eskaini behar zaie hezitzaileei, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuak lortze aldera eragile eta baliabide nagusia direlako. Itunak sistema osoko hezitzaileen baldintzak arautu behar ditu, aukeren berdintasuna bermatuz. Gaur egun Administrazioak ez du betetzen legeak ezartzen duen ordainsarien berdintasuna. Sindikatuei eskatzen zaie sistema osoko langileekiko irizpideak argitzea.
Finantziazioari dagokionez, Kristau Eskolak eman dituen datuen arabera, 2010 urtean, likidazio osoaren %69a sare publikora bideratu da %31a itunpeko sarera bideratuz. Agerian uzten dute ere itunpeko sareko ikasle bakoitzak (haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan) analogia printzipioagatik zor zaion finantziazioaren erdia baino gutxiago jasotzen duela. Inork (ez Administrazioak, ez eragileek) ez ditu datu hauek zalantzan jarri.
Eztabaidatu zen oinarrizko txostenak lau atal ditu, bakoitza bere ideia nagusiekin:
LEGE ARAUDIA
Oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da
Publikoa zerbitzua da, ez titularitatea
Sareen arteko osagarritasuna (ez menpekotasuna)
Parekotasuna eta berdintasuna (behar berdinetarako finantza baliabide parekoak)
HEZKUNTZA SISTEMAREN XEDEAK
Pertsonaren garapena osoa
Aniztasunaren kudeaketa eraginkor, zintzo eta zuzena (adierazleak)
Hezkuntza gizarte kohesiorako gakoa
Bizitza bitarteko heziketa eta prestaketa (konpetentziak)
EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMAREN EZAUGARRIAK
Diru publikoen kudeaketa justizian, berdintasunean eraginkortasunean eta gardentasunean oinarritua.
Sistemaren bideragarritasuna
Benetako aukera berdintasuna
Euskal Hezkuntza Sistema: hezkuntza eragileen eta Administrazioaren artean elkarlanean eraikia.
AKORDIOAREN BEHARRA
Hezkuntza sistema osorako oinarrizko hezkuntza eta gizarte akordioa
Beharrei egokitutako oinarrizko finantziazio estrukturala
Sistemaren hezitzaileentzako baldintzen berdintasuna
Krisiaren aitortza eta egoerari aurre egiteko hardura
Txostenaren aurkezpenari bi mahai inguruk jarraitu zioten.
Hezkuntza eragileen mahai inguruan, eskola publikoaren ordezkaritzak parte hartzeari uko egin ondoren, solaskideak honako hauek izan ziren: Mikel Ormazabal (Kristau Eskola), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Chechu Echeverria (AICE), Mikel Gastañares (Ikasgiltza) eta Miren Abasolo (EIB), denak itunpeko sareko erakundeetako ordezkariak.
Denek eskaintzen duten hezkuntzaren publikotasun izaera defendatu zuten eta akordio global bat lortzeko premia azpimarratu zuten. Sistema egonkor baten beharra azpimarratu zuten sistema gorabehera politikoetatik at uzteko eta bi sareen arteko osagarritasuna aldarrikatu zuten legeak dion bezala langileen baldintzak ere parekotasunean ezarri beharko liratekeela argi utziz.
Parlamentarien mahai inguruan talde bakoitzeko ordezkariak bere ekarpena egin zuen:
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos:
Eztabaida honi bidea eman behar zaio. Une egokia da (testuinguru politikoa alde batera utziz) eta diskrezioz egin daiteke epe luzera begiratuz.
Diagnosi komun bat eta helburu progresiboak ezarri.
Helmuga ez da lege bat izan behar gutxieneko akordio egonkor bat baizik.
Sistema publiko baten alde jabego desberdinekin.
Ikaslea helburu izanda, kalitatezko hezkuntza bilatuz (bikaintasuna).
Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak:
Ez da sakoneko akordio baten garaia (hauteskundeak urte betera daudela) eztabaidatzeko eta sukalde lana egiteko baizik.
Sare publikoak eta itunpekoak aldi berean ondo bizi dira (ez da itunpeko sareak hainbeste parte hartzea duen beste sistema bat)
Itunpeko sareak haserre plantak egiten ditu nahita.
PSEek 1992ko akordio politikoa lortu zuen ondoren indarrean dauden bi lege atera zirelarik.
Popular Vasco-Euskal Talde Popularra:
Sareen arteko eztabaida gainditu eta osagarritasunaz hitz egin behar da.
Adierazle serioak ezarri behar dira eta sistema osoarentzat baliagarriak diren arauak ezarri.
Eztabaidak zabala izan behar du: konpententziak eta baloreak ikasleentzat, sistemaren ardatza.
Kontuan hartzeko lehenengo gauza: familien aukeratzeko askatasuna.
Eusko Alkartasuna:
Kohesioa lortzeko bi sareen arteko banaketaren eskema zaharra gainditu.
Gaurko legebiltzarraren balio eza akordioa lortzeko gizartea benetan ordezkatzen ez duelako.
Hezkuntzaren giza ikuspuntuaren garrantzia nortasuna duen herri bati eragiten diolako (Euskal Herriari) eta bertako hiritarrek adostu behar dutelako.
Eztabaida hau Administrazioak bideratu beharko luke eta ez da horrela izaten ari.
Ezker Anitza-IU:
Doako hezkuntza publiko eta laiko baten alde.
Akordioa beharrezkoa da eta ez da denbora politikoaren arabera lortu behar.
Administrazioak bermatu behar du berdintasuna eta kohesioa.
Eusko Legebiltzarrak bidearen amaiera izan behar du eta ez abiapuntua.
UPyD:
Arauaren egonkortasuna bermatu behar da: aldaketa politiko asko izan dira.
Sare publikoko ikastetxeak eta itunpeko sarekoak ez dituzte betebehar berdinak. Itunpeko sarea bestearen subsidiarioa behar da izan eta ez osagarria.