Lagun agurgarriak,
Idatzi honen bitartez berriki Eusko Legebiltzarrean eman den ekimen baten berri ematen dizuegu, mugarri historiko bat izango delakoan Euskal Hezkuntza Sistemaren objetibazioa eta gardentasuna lortzeko bidean.
Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos, Euskal Talde Popularra-Populares Vascos, Aralar eta Eusko Alkartasuna talde mistoa legebiltzarreko taldeek Legez Besteko Proposamena aurkeztu dute Euskal Hezkuntza Sistemaren azterlan objektibo eta gardena egiteko erabili beharreko adierazle-sorta finkatuko duen lan-taldea sortzeari buruz.
Legez Besteko Proposamenak, lan talde horren sormenaz gain, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio azterlan hori burutu eta aurkez dezala Hezkuntza Batzordearen aurrean, legebiltzar-taldeek dagozkion ekarpenak egin ditzaten.
Kristau Eskolak ondorengo balorazio egiten du ekimen hau dela eta:
Legez besteko Proposamena Euskal Hezkuntza Sistemaren objetibazio eta gardentasunaren bidean urrats kualitatibo bat da bere eragina epe ertain eta luzera izango duelarik.
Kristau Eskolak Euskal Hezkuntza Sistemaren adierazleen inguruan egindako analisiak, Eusko Legebiltzarrean eta “Akordioa jomuga” izeneko sinposioan azaldu eta gero, bilatutako gogoeta bultzatu du hezkuntza eta giza eragileen artean.
Eskertzen dugu Eusko Legebiltzarreko taldeek Euskal Hezkuntza Sistemaren baitan adierazle objetiboetan oinarritutako akordio zabal baten alde erakutsi duten inplikazioa.
Zuzendariei dei egiten diegu Legebiltzarrean eman den ekimen hau hezkuntza komunitateari ezagutzera emateko eta bere garrantzia sozializatzeko.
Adeitasunez,